Tag Archive | "Iritzia"

Tags:

Hernan Cortes eta Getaria

Posted on 10 Iraila 2009 by admin

Beñi Agirre

Hernan Cortes Badajozen jaio zen 1485ean, eta aztekar inperioaren konkistatzailea izan zen. Puntuntxaneko bataila irabazi zuen. Espainolek bi alboetatik eraso zioten hiriari eta gudaldi odoltsu baten ondoren, aztekar askoren odola isuri zen. Hernan Cortesek Santa Maria de la Victoria sortu zuen hantxe bertan. «Hoy desaparecida, fue la primer ciudad española en territorio mexicano», honela kontatzen da Wikipedian, gaztelaniaz, espainiarren ikuspegitik hiri baten «sorrera» edo fundazioa nola ulertzen den.

Joera hori lehenagotik datorkie gaztelarrei. 1200eko konkista odoltsuaren ondorioz hainbat herri sortu edo fundatu omen zuen Espainiak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko nafar lurretan. Nola fundatu? Lehendik ez zen inor bizi paraje horietan, ala? Ala, Puntuntxanen egin bezala, egindakoak ulertu behar dira «sortu» esaten denean? Gaztelarrak inbaditu aurretik lurralde horiek guztiek eta beste batzuek nafar erresuma osatzen zutela aski frogatua da historialari adituen aldetik. Hortaz, zertara dator hiri horiek zortziehun urte bete dituztela mila urte baino gehiago denean jendea bertan bizi dela?

Getarian, adibidez, herriaren sustraien bila dabil herri ekimenean bildutako lan taldea. Han begiratu, hemen ikertu, hari galdetu eta jasotako ondorioak zabalduz egia jakin nahian dabiltza. Baita jakin ere: Getaria bazen, Gaztelako Alfontso VIII.ak konkistatu eta hiri-gutuna berretsi baino lehen. Izan ere, 1209. urtea baino lehen Getariak bazuen forua, Antso VI.a Jakituna edo Antso VII.a Azkarra errege nafarrek emana, hain zuzen. Zorionak Getariako nafar hiritarrei.

Comments (0)

Tags:

Gezur bat 800 aldiz

Posted on 26 Abuztua 2009 by admin

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Iraganik gabeko pertsona edo herria, sustrairik gabeko zuhaitzaren parekoa da. Pertsona edo gizarte baten oinarria ezabatzeko, euren iragana (historia) ezabatu eta berri batez ordezkatzea da gakoa. Historia desegitea, historia berregitea

«Hasta que los leones tengan sus propios historiadores, las historias de cacería seguirán glorificando al cazador». Eduardo Galeano

Irakatsitako historia hiltzaileek idatzi zutela eta ikasi genuena sinetsi ere egin genuela aipatzen zuen Negu Gorriak taldearen abestiak. Ez zitzaien arrazoirik falta neurri batean: Galeanok aipatu lehoiei gertatutako gauza bera gertatu izan zaie urte luzez hainbat herrialde eta giza talderi ere, euskaldunok barne.

Historia tresna indartsu bezain erabakiorra da edonon eta edozeinentzat. Iragana ezagutu behar da oraina ulertu eta ondoren etorkizuna eraikitzen hasteko. Iragana, historiaren bidez transmititu izan ohi denez, historia kontrolatzen duenak, iragana du bere kontrolpean eta ondorioz baita oraina eta etorkizuna ere.

Agintea eduki dutenak kontziente izan dira historiaren garrantziaz eta historia bera ere baliatu dute boterea mantendu edo areagotzeko. Ildo honetan, ongi diseinaturiko taktika lantzen joan dira: hasteko, gezurra erabili ohi dute, euren ekintzak justifikatzeko asmoz; gezur bera, behin eta berriz errepikatzearen bidez, egiaz mozorrotuz. Jarraian, armen eta odolaren mintzoak hartzen du protagonismoa, indartsuenaren legea. Azkenik, behin xedea (lur edo baliabideen konkista) erdietsita, historia erabiltzen dute. Euren aldeko historia asmatuz; historia, beraien asmaturiko istorioez ordezkatuz: historia berria; historia bakarra.

Iraganik gabeko pertsona edo herria, sustrairik gabeko zuhaitzaren parekoa da. Pertsona edo gizarte baten oinarria ezabatzeko, euren iragana (historia) ezabatu eta berri batez ordezkatzea da gakoa. Historia desegitea, historia berregitea: liburu nahiz artxibo zaharren suntsiketa, ahozko transmisioan igorle diren adinekoen erailketak, gezurren sistematizazioa, egia ofizialen monopolioa… Honela iritsi da guganaino ikasi dugun historia. Era honetakoa da kontatu diguten iraganaren elaborazio errezeta.

Beste alde batetik, kultura nahiz zibilizazio ugariren azkena ekartzen du honek guztiak. Oso gutxi izan dira gai suntsiketa-makina honi aurre egin eta norbere historiaren desjabetzea ezerezean uzteko. Urteen poderioz, gero eta nekezagoa da gainera hau: ahozko komunikazioa abiadura bizian galtzen doan heinean, ideologia zehatzetako komunikabide talde erraldoiek kontrolatutako medioak denon etxeetan sartu dira.

Telebista, familiako informazio iturri nagusi eta egiaren sinonimo bilakatu da, otordu osteko solasaldia ordezkatuz. Jainko berri baten aurrean gaudela dirudi. Milioika zalek, begi eta ahoak zabalik, kaxa hipnotikoak eskainitako guztia barneratzen dute.

Honi beraiek diseinaturiko hezkuntza sistemaren eragina gehitu behar zaio. Haur nahiz nerabeei irakasten zaien historia irabazleen historia da.

Amaitze aldera, fenomeno hau, eskala globalean ez ezik, eremu lokaletan ere eman ohi dela aipatu nahi nuke. Getariaren kasuan, 2009. urtea berezia zela aipatu zitzaigun hasieratik herritarroi. Antza, gure herriak 800 urte betetzen zituen, 1209. urtean sortua izan zenetik, hau ospatu beharreko gertakaria zelarik. Historiaren bertsio ofizial honek ordea, herriko historia zaletasun eta hainbat historialari neutralen dokumentazio lanarekin egin zuen talka. Honi esker, orain arteko teoria iraultzen duten froga ugari aurkitu dira. Ondorio gisa, aurten Getariaren sorreraren 800. urteurrena ez dela esan daiteke; izan ere, 2009an 800 urte betetzen dituena Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Getariari berretsitako (ez emandako) hiri gutuna da. Gaztelaren hiribildu titulua eta Getariaren sorrera desberdintzea gakoa da.

Honen harira, kontuan hartzeko gertakaria da, 1200. urtean Gaztelako Erreinuak, Nafarroako Erreinukoak ziren Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba konkistatu zituela, ekintza militar zein nobleekin egindako akordioen bidez. Jarraian, bertako herriei hiri gutunak berresteari ekin zion Gaztelak. Honen xedea, herriok Gaztelako Erreinuan integratzea zen, bere interes ekonomikoak asetzeko eta Kantauri itsasorako irteera kontrolatzeko. Getaria, itsas merkataritza eta balearen arrantzagatik zen interesgarri.

Azken frogen arabera, duela 4.000 urte ingurutik bizi izan da etengabe populazioa Getarian. Eta bere sorrera ere, 1209 baino lehenagokoa dela esan daiteke. Izan ere, 1180. urtean Nafarroako Erreinuko Antso VI.ak Donostiari eman zion Foruan, Getaria ere aipatzen da; herri hau Antsok berak sortu izanaren hipotesiak indar handia du beraz. Herrian egindako indusketetan aurkitutako nafar txanponek ere (1150-1180 urteetakoak), Getaria Nafarroako Erreinuaren parte izan zela frogatzen dute. Hala eta guztiz ere, komunikabide nagusi gehienek zein hainbat toki-administraziok (festetako programaren sarrera testua kasu), herriaren 800. urteurrenaz eta honen ospakizunaz mintzatzen jarraitzen dute. Herritarrok ordea, gertakari historiko nagusien gogoratze eta hausnartze lanetan, historiaren berrikuspen kritikoa egiten dihardugu. Batzuek, oraindik ere, temati, ezjakintasunez edo apropos, 800 urteen gezurra 800 aldiz errepikatuaz, gezur hori egia bailitzan saltzen jarraitu arren…

Comments (0)

Tags:

Getaria, bi mila urte eta gehiago

Posted on 23 Uztaila 2009 by admin

Angel RekaldeRekalde

Getaria, euskal kostako portu historikoa, tradiziozko herria da. Mendeak dira itsasoari begira bizi dela eta erromatarrek ekarri zuten kontserba-industriari zor dio bere izena. Erromatar zibilizazioaren arrastoa antzinako Menoscan ageri da erruz, Zarauztik Askizuko muturrera, egindako indusketek hala ematen dute aditzera.

Baina herri jakin bateko ondare aberastasun hori ez da bakarrik atzerriko gizataldeena, kanpotik etorri eta gurekin elkartzen direnena. Ohitura, toki eta lanen garapenak berak auzoen izaera markatu du, eta begien bistan da Askizu –baserritar auzoa- eta alde zaharraren erdigunearen artean ezberdintasun handia dagoela; lehenak, lurra lantzen duen jendea izan du nagusi, eta bigarrenak, saltzaile eta nabigatzaileak, bestelako pentsamolde eta ikuspegiekin.

Getariatik Juan Sebastian Elkano atera zen, portuges baten eskutik munduari bira estreinakoz eman zion itsasgizona; espainiar koroak ez zizkion inoiz emandako zerbitzuak ordaindu. Elkano hil ondotik, familia auzitan ibili zen estatu espainiarrarekin, zorra kita ziezaieten, baina ez da inon bildu lortu zutenik. Ezer berririk ez eguzkipean. Espainiarekin historikoki izan dugun emaitza da. Elkano beste edonon heroi nazionala izanen litzateke (konparazioak gorrotagarriak diren arren, horra hor Nelson, Bolivar, Edmun Hillary…), eta hemen tokiko zaharkina da, garrantzi historikorik batere gabekoa.

Getarian garai ezberdinetako arrasto ugari aurki daiteke. Katrapona pasabide bitxia batetik, harresi hondarrak bestetik. Adibidez, egungo elizaren jatorrizko egitura X. mendean altxatu zen, euskal lur guztia -lur askea bera-, Iruñeko Erresumaren baitan zegoen garaian. Bestalde, eraikin berriago bat ageri da, elizari itsatsia, kareharrizko eraikina da (argi ikus daiteke) “Inkisizio dorrea” deitua. Ez zen inkisizioaren kuartel nagusia izanen, baizik eta, antza denez, erresidentzia bat, espainiar inkisizioaren inguruko familiak bertan biziko zirelarik, garai hartan kristau errepresioaren ariketa sainduan aritzen zirenak nonbait. Adituek diote Getaria garaiko lurralde eta politikaren antolakuntzan plaza garrantzitsua izan zela.

Beste euskal herrietan gertatu bezala, Getariako udala gaztelar “Carta Puebla” eman ziotela zortzi mende joan direla ospatzen ari da. Fundazioaren zortziehun urteen izenburupean mozorrotu dute. Baina izenarekin berarekin badakigu Getaria izan bazela data hori baino hamabi mende lehenagotik, gutxienez. 1200. urtean errege gaztelarrak gerra Nafarroara ekarri zuen, eta bere lurraldearen mendebaldeko zati handia kendu zion. (Ekialdea eraso izan balu, gaur, Baztan eta Erribera espainiar probintziak izanen genituzkeen, besteak beste, eta Nafarroa historikoak Bilbotik Ebroko Mirandara hartuko zukeen, Laredotik Arabako Errioxara). Baina gaurko EAE konkistatu zuen, eta bere konkista sendotzeko, bermatzeko, irabazitako lurra juridikoki antolatu zuen. Garai hartatik dator Foruak eta “Carta Pueblak” administratiboki ematea lehenagotik existitzen ziren herriei, euskal jatorrizko eta nafar legezkotasunezko herriak hauek: Segura, Tolosa, Agurain, Hondarribia, Donostia, Kanpezu… Esanguratsua da Getariako indusketetan nafar txanponak agertu direla, konkista etorri arte herri honen dibisa naturala baitzen.

Honela bada, duela 800 urte, gaurko Araba eta Gipuzkoa eratzen duten lurrak euskal erresumari indarrez kendu ondotik, Gaztelako erregeak Getariako harresiak berreraikitzeko agindua eman zuen (lehenagotik bazirela eta gerran suntsitu zituztenaren seinale), eta Forua berretsi zion.

Getariak izan bazuen “Carta Puebla” bat aitortu zion, baina aurrerantzean, gaztelar agintepean izanen zen. Getaria txakoliaren festa da, euskara, portua, arrantzaleak eta balearen memoria, luxuzko gastronomia, Erdi Aroko kale zaharrak, San Anton mendia –kosta osotik ikusten baita-, atzerrikoentzat aberastasuna eta gloria lortzeko lanean buru-belarri aritu diren nabigatzaileak… Kostako herri honek euskal zoriontasunaren antzinako formulara garamatza: lana, lana, lana eta tripa festa! Nondik espainiar okupazioaren 800. urtemuga ospatzea!

Comments (0)