Getaria, euskal kostako portu historikoa, tradiziozko herria da. Mendeak dira itsasoari begira bizi dela eta erromatarrek ekarri zuten kontserba-industriari zor dio bere izena. Erromatar zibilizazioaren arrastoa antzinako Menoscan ageri da erruz, Zarauztik Askizuko muturrera, egindako indusketek hala ematen dute aditzera.
Baina herri jakin bateko ondare aberastasun hori ez da bakarrik atzerriko gizataldeena, kanpotik etorri eta gurekin elkartzen direnena. Ohitura, toki eta lanen garapenak berak auzoen izaera markatu du, eta begien bistan da Askizu –baserritar auzoa- eta alde zaharraren erdigunearen artean ezberdintasun handia dagoela; lehenak, lurra lantzen duen jendea izan du nagusi, eta bigarrenak, saltzaile eta nabigatzaileak, bestelako pentsamolde eta ikuspegiekin.
Getariatik Juan Sebastian Elkano atera zen, portuges baten eskutik munduari bira estreinakoz eman zion itsasgizona; espainiar koroak ez zizkion inoiz emandako zerbitzuak ordaindu. Elkano hil ondotik, familia auzitan ibili zen estatu espainiarrarekin, zorra kita ziezaieten, baina ez da inon bildu lortu zutenik. Ezer berririk ez eguzkipean. Espainiarekin historikoki izan dugun emaitza da. Elkano beste edonon heroi nazionala izanen litzateke (konparazioak gorrotagarriak diren arren, horra hor Nelson, Bolivar, Edmun Hillary…), eta hemen tokiko zaharkina da, garrantzi historikorik batere gabekoa.
Getarian garai ezberdinetako arrasto ugari aurki daiteke. Katrapona pasabide bitxia batetik, harresi hondarrak bestetik. Adibidez, egungo elizaren jatorrizko egitura X. mendean altxatu zen, euskal lur guztia -lur askea bera-, Iruñeko Erresumaren baitan zegoen garaian. Bestalde, eraikin berriago bat ageri da, elizari itsatsia, kareharrizko eraikina da (argi ikus daiteke) “Inkisizio dorrea” deitua. Ez zen inkisizioaren kuartel nagusia izanen, baizik eta, antza denez, erresidentzia bat, espainiar inkisizioaren inguruko familiak bertan biziko zirelarik, garai hartan kristau errepresioaren ariketa sainduan aritzen zirenak nonbait. Adituek diote Getaria garaiko lurralde eta politikaren antolakuntzan plaza garrantzitsua izan zela.
Beste euskal herrietan gertatu bezala, Getariako udala gaztelar “Carta Puebla” eman ziotela zortzi mende joan direla ospatzen ari da. Fundazioaren zortziehun urteen izenburupean mozorrotu dute. Baina izenarekin berarekin badakigu Getaria izan bazela data hori baino hamabi mende lehenagotik, gutxienez. 1200. urtean errege gaztelarrak gerra Nafarroara ekarri zuen, eta bere lurraldearen mendebaldeko zati handia kendu zion. (Ekialdea eraso izan balu, gaur, Baztan eta Erribera espainiar probintziak izanen genituzkeen, besteak beste, eta Nafarroa historikoak Bilbotik Ebroko Mirandara hartuko zukeen, Laredotik Arabako Errioxara). Baina gaurko EAE konkistatu zuen, eta bere konkista sendotzeko, bermatzeko, irabazitako lurra juridikoki antolatu zuen. Garai hartatik dator Foruak eta “Carta Pueblak” administratiboki ematea lehenagotik existitzen ziren herriei, euskal jatorrizko eta nafar legezkotasunezko herriak hauek: Segura, Tolosa, Agurain, Hondarribia, Donostia, Kanpezu… Esanguratsua da Getariako indusketetan nafar txanponak agertu direla, konkista etorri arte herri honen dibisa naturala baitzen.
Honela bada, duela 800 urte, gaurko Araba eta Gipuzkoa eratzen duten lurrak euskal erresumari indarrez kendu ondotik, Gaztelako erregeak Getariako harresiak berreraikitzeko agindua eman zuen (lehenagotik bazirela eta gerran suntsitu zituztenaren seinale), eta Forua berretsi zion.
Getariak izan bazuen “Carta Puebla” bat aitortu zion, baina aurrerantzean, gaztelar agintepean izanen zen. Getaria txakoliaren festa da, euskara, portua, arrantzaleak eta balearen memoria, luxuzko gastronomia, Erdi Aroko kale zaharrak, San Anton mendia –kosta osotik ikusten baita-, atzerrikoentzat aberastasuna eta gloria lortzeko lanean buru-belarri aritu diren nabigatzaileak… Kostako herri honek euskal zoriontasunaren antzinako formulara garamatza: lana, lana, lana eta tripa festa! Nondik espainiar okupazioaren 800. urtemuga ospatzea!








